#BEMBASQUECOUNTRY2020

Basque Ecodesign Meeting 2020 amaituta, ikusi da ekonomia zirkularra ezin itzulizko bidea dela herritarrentzat, enpresentzat eta administrazioentzat

today2020 February 28, Friday

Background
  • Mila pertsona bertaratu dira Ingurumen Sailak, Ihobe erakunde publikoaren bidez, eta Basque Ecodesign Centerrek antolatutako BEM 2020ra, eta unibertsitateko eta Lanbide Heziketako 200 ikaslek parte hartu dute, ekodiseinuari buruz ikasteko asmoz.
  • ‘Made in Euskadi ekodiseinuaren 20 urte’ erakusketa, 130 produktu baino gehiago biltzen dituena, herritarrei irekita egongo da Bilboko Euskaldunan igande honetara arte, eta sarrera askea eta doakoa izango da.

Basque Ecodesign Meeting (BEM) 2020k argi utzi du ekonomia zirkularra eta karbono maila baxukoa prozesu itzulezina dela, eta herritarrek, enpresek eta administrazioek elkarrekin aurrera egin behar dutela. Europa hegoaldean ekodiseinuari buruz egiten den kongresurik handiena aste honetan egin da Bilbon, eta ostiralean itxi ditu ateak. Azken jardunaldi horretako gai nagusia izan da belaunaldi berriek iraultza berdea bermatu behar dutela. Unibertsitateetako eta Lanbide Heziketako 200 ikasle baino gehiagok eta horien irakasleek parte hartu dute ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren inguruko hainbat jolas eta dinamikatan.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak (Ihobe sozietate publikoaren bidez) eta Basque Ecodesign Centerrek antolatutako topaketaren arduradunen arabera, ekodiseinatutako produktuen ideia zabaldu behar da; hau da, “iraunkortasunerako prestatuak eta berreskuratutako materialak barne hartzen dituzten” produktuena. Bada, azpimarratu dute horretarako ezinbestekoa dela “kontsumitzaile sentsibilizatuak, prestatuak eta arduratsuak” izatea, “etiketa egiazkoak eta kontrastatuak, kontsumoa hezia, informatua eta kontzientea izan dadin” eta konplexuak izan arren “argiak” izango diren legeak, politikak eta arau teknikoak.

Topaketak mila pertsona inguru erakarri ditu, tartean energia jasangarrien, elikaduraren eta altzarien esparruetako profesionalak, ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren bueltako joerekiko interesa dutenak. Horrez gain, antolatzaileek nabarmendu dute lehenengoz, erakusketa baten bidez, “ekonomia zirkularraren kontzeptua praktikan ikusi” dela, “hainbat produktutan integratuta”.

Ostiral honetako topaketan Santurtziko San José de Calasanz Lanbide Heziketa zentroko gazteen eta Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ikasleen esperientziak erakutsi dira. Ekintzailetasun berdeari buruzko esperientziak eta nekazaritzako elikagaien esparruan alperrik galtzen diren jakiak murrizteari buruzkoak aurkeztu dituzte. Ihobek bultzatutako lehenengo ekodiseinu ikasgeletatik sortutako enpresa batek ere parte hartu du, orain Basque Ecodesign Hub gisa berregituratuta dagoena. Bilbon kokatutako espazioa da, eta ikasle gazteak eta langabeak zein industria enpresak prestatzen ditu, ekodiseinuko ekintzaileen laguntza dauka eta enpresekin (bereziki ETEekin) proiektuak garatzen ditu.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak nabarmendu du garrantzitsua dela unibertsitateko azken ikasturteko ikasleak edo gazte langabeak prestatzea ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren gaian, “haien enplegagarritasuna errazteko eta industriak profesional horiekiko egiten duen eskariari erantzuteko”. 135 ikaslek baino gehiagok egin dute prestakuntza hori, eta 118k ekodiseinuko proiektuekin amaitu dituzte beren praktikak enpresetan.

Hubean hiru euskal unibertsitate nagusiek parte hartzen dute (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea), eta Novia Salcedo Fundazioak ere bai. Bada, proiektuak egiteko gazteentzako bekak eskaintzen dituzte (2019an 180.000 euro), eta horiei esker, ikasleen % 95ek ekodiseinuko enpresetan lan egiten amaitzen dute.

Jardunaldia amaitzeko, ingeniaria eta ekonomia zirkularrean nazioarteko erreferentea den Nicola Cerantolak hitzaldia eman du. Belaunaldi berriak eraldaketarako eragile gisa jarduteko beharrari buruzko mezua eman du. Paraleloki, irakasleek parte hartu dute gazteak ekonomia zirkularraren inguruan prestatzeko erronkei buruzko hitzaldi eta eztabaidetan.

Erakusketa irekita igandera arte

Gazteek aukera izan dute Made in Euskadi ekodiseinuaren 20 urte izeneko erakusketa bisitatzeko. Ostiral honetan irekiko da gainerako herritarrentzat, arratsaldez, eta igandera arte egongo da zabalik. Oso-osorik Euskadin fabrikatutako eta ekodiseinatutako 130 produktu baino gehiago ikusi ahal izango dira.

Produktu horien bitartez, erakusketak ekodiseinuari eta ekonomia zirkularrari lotutako hamar sektore jorratzen ditu. Europan orain arte egindako produktu ekodiseinatuen eta ingurugiroari dagokionez jasangarriak direnen erakusketa zabalena da. Sektore oso ezberdinetako 98 enpresak hartzen dute parte. Erakusketa ostiral honetan irekiko da, 16:00etatik 20:00etara; bihar, larunbata, 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik; azkenik, igandean 10:00etatik 14:00etara bisitatu ahal izango da. Sarrera askea eta doakoa da.

Made in Euskadi ekodiseinuaren 20 urte erakusketaren ordutegia: ostirala (16:00-20:00), larunbata (10:00-20:00) eta igandea (10:00-14:00). Sarrera doan.

Prentsa oharrak

2020/02/28
Basque Ecodesign Meeting 2020 amaituta, ikusi da ekonomia zirkularra ezin itzulizko bidea dela herritarrentzat, enpresentzat eta administrazioentzat

Rate it

Previous post



Otsailak 26-28


Background