loader image

Hizlariei galderak

Background

Galdera: Produktuak ekodiseinatzea edo prozesuak ekodiseinatzea. Pentsatuz gero batek ekoizpenari zuzenean eragiten diola eta besteak lankideen bihurketa eta konpromisoa eskatzen dituela, ekodiseinua inoiz aplikatu ez duen enpresa batentzat bat edo bestea modu absolututan aukeratuz gero, zein eta nola abiatu hortik?

Erantzun: Enpresak bere produktuak diseinatzeko askatasun-graduak baldin baditu, beti da gomendagarriagoa produktuan esku hartzea, ikuspegi horretatik, inplikatutako ekoizpen-prozesuak ere barnean egon baitaitezke. Hala ere, produktuaren diseinuari dagokionez askatasun-gradurik ez duten enpresa askorentzat (adibidez, produktua bezeroaren zehaztapenen arabera fabrikatzen delako), hobetzeko aukera bakarra prozesuetan zuzenean esku hartzea izango da.

G: Noiz uste duzue sartuko direla berriztagarrien bizi-zikloari lotutako isuriak Ministerioak urtero emandako datuetan, eta utzi ahal izango diogula zero CO2 bal./kWh balira bezala jokatzeari?

E: Produktu/zerbitzu baten bizi-zikloaren analisia (BZA) kalkulatzeko, irismenak bizi-ziklo osoa hartzen duenez (instalazioak eta ekipamenduak eraikitzea eta eraistea barne), energia berriztagarriak ez dira zero CO2 bal./kWh, baizik eta dagozkion isurien zatia. Ministerioak emandako datuei dagokienez, ikuspegi operatibo hutsa dute, upstream eta downstream deritzena kanpoan utzita. Hori sartu ahal izateko, arazoa da zaila dela fase horiek txertatzea elektrizitatea sortzeko teknologia posible guztietan. Pixkanaka txertatzen joango den zerbait da.

G: Negozio-eredu berriak finantzatzea. Nolakoa izango da negozio-eredu berrien inbertsio-tartea?

E: Finantzaketa funtsezko alderdia da negozio-eredu berriak ezartzeko orduan. Gai hori sakonago aztertu zen 3. mahai-inguruan: “Negozioa birdiseinatzea produktuaren balioa luzatzeko”. Nolanahi ere, arriskua oso lotuta egongo da industria-sektore zehatzarekin eta kasuan kasuko negozio-eredu berriaren motarekin.

G: Ez al dago oso distantzia handia ekonomiaren produktu bultzatzaileen ekodiseinuaren eta bizitza-amaieran aplikatzen diren egungo prozesuen artean? Ez bakarrik teknologikoa, baita birziklatze, aurretratamendu eta abarreko prozesuetarako diseinuan ere. Arauemaileak eragin praktikoagoa izan dezake horretan, merkatuak ez duenez lortzen distantzia hori txikitzea?

E: Identifikatu behar dira arauemaileak produktuak diseinatzeko prozesuan bizitza-amaierako kudeaketa kontuan hartzea bultzatzen duten tresnak, enpresen lehiakortasuna sustatzeko mekanismo gisa. Sektoreekin lantzen ari garen bide posible bat da Ekoizlearen Erantzukizun Zabalduaren Sistema Kolektiboen (SCRAP) tasaren ekomodularitatea. Tasa hori txikiagoa bada bizitza-amaieran errazago birzikla daitezkeen produktuentzat, diseinu-lantaldeak ere eremu horretan zentratzea sustatuko da, eta hobekuntza globala lortuko da.

G: Nire ustez, enpresek ekonomia zirkularreranzko aldaketan duten inplikazio masiboa, neurri batean, iritzi publikoaren eta herritarren eskariaren araberakoa izango da. Alde horretatik, funtsak bideratzen ari al dira gizarte zibila oro har informatzeko eta kontzientziarazteko kanpainetara, ekonomia horretara aldatzeko beharrari buruz?
Pentsatu da ekonomia zirkularraren ohiturak eskola-hezkuntza publikoaren barruan sartzea?

E: Oro har, herritarrek ez ezik, eragile sozioekonomiko guztiek ere aktiboki parte hartu behar dute ekonomia zirkularrago baterantz egin beharreko trantsizio horretan. Baina galderaren helburuari zehatzago helduz, gaur egun funtsak bideratzen ari dira gizarte zibila oro har informatzeko eta kontzientziarazteko kanpainetara, ekonomia horretarantz aldatzeko beharrari buruz. Horren adibide ona da, esaterako, Eusko Jaurlaritzak abian jarritako “CIRCULAR THINKING: KEINU TXIKIEN IRAULTZA” kanpaina (informazio gehiago eskura daiteke http://www.ihobe.eus/circular-thinking-ekimena webgunean). Kanpaina hori eskola-hezkuntzaren arloko jardueretan ere sartuko da.

Galdera: “Interesgarria da duela hilabete batzuk esan zena, eta agian ondo ulertu ez nuena. El Correoren aipamena: Sidenor-eko lehendakari José Antonio Jainaga izan da enpresari argienetako bat bere gogoetetan. «Klimari buruzko politika ezin da industria-politikaren gainetik pasatu; hori oso kezkagarria da». Eta gogorarazi du «ezin dela aurrerapenen eta ongizatearen aurka doan ingurumen-jasangarritasunik egon. Ekonomian eta enpleguan jasangarritasunik ez badago, ezingo da ezer egin».
https://www.elcorreo.com/economia/tu-economia/grandes-industrias-critican-20200116115149-nt_amp.html?edtn=bizkaia&__twitter_impression=true

Erantzun: Gure ustez, eztabaida mahai honetatik eta Basque Ecodesign Meeting-etik baino askoz harago doa. Aldagai desberdin asko nahasten diren eztabaida da. Gogoratu, halaber, Euskadin –Espainian ez bezala– beti egon dela industria-politika zorrotza. Ihobek Ekonomia Zirkularraren kontzeptua azpimarratzen du; kontzeptuaren berrikuntza, hain zuzen, “Ekonomia” hitza izan zen. Esate baterako, Sidenor bezalako enpresak –lehengaia hondakin bat izanik: txatarra– hainbat proiektu berritzaile lantzen ari dira beren ekoizpen-eraginkortasuna optimizatzeko, bai energiari dagokionez, bai materialei dagokienez. Bestalde, Europako Batzordeak mahai gainean dauka Europar Batasunaz kanpoko altzairuen lehia (Txina, Errusia, Turkia…). Altzairu horien ekoizpen-etapan ez dira betetzen Europan nahitaezkoak diren ingurumen-gutxienekoak (Industriaren Isurien Zuzentaraua), eta, beraz, lehia desleiala dira. Altzairuaren sektorea (eta besteren bat: zementuarena, esaterako) Europako Batzordeak alderdi horretan esku har dezala eskatzen ari da, baina merkataritza-akordio eta -negoziazio globalen mende dago, eta horietan, jakina, Euskadik ez du jarduteko eskumenik.

G: Birmanufakturazioan oinarritutako ekonomia bat ez dela bideragarria diotenei zer erantzungo zenieke?

E: Zorroztasunez heldu behar diogu birmanufakturaren bideragarritasunari. Lehen alderdia, birmanufaktura bera baino askoz konplexuagoa, Europako Batzordearen produktuen iraunkortasunaren aldeko apustua da. Nahiz eta alderdi horretan denok ados egon, eta ekodiseinuaren Zuzentarauaren esparruan zenbait produktutarako nahitaezko lehen betekizunak ezarri (ordezko piezen erabilgarritasuna luzatzea, ordezko piezak entregatzeko epeak murriztea…), erronka handi baten aurrean gaude, energia-efizientziaren aldeko apustuan ez bezala. Zenbat eta iraupen handiagoa, orduan eta ekoizpen txikiagoa. Horrek negozio-ereduaren aldaketa oso garrantzitsua eskatzen du, eta horrek zerbitzuen fakturazioa handitzearen aldeko apustua egiten du (4.0ren laguntzarekin), baita “erabileraren araberako ordainketa” ren aldeko apustua ere, bulegoko fotokopiagailuaren negozio-ereduaren antzekoa. Hau da, negozioa bideratzen da funtzio bat (fotokopia) betetzera, ez ekipamendu edo produktu bat betetzera. Norabide horretan jarraituz gero, 4.0 mantentze-lanen eta ordezko piezen, osagaien edo are produktu osoen birmanufakturaren alde (betiere zentzua badu) egiten ez duen enpresa bat arrisku handiagoko negozioa izango litzateke. Joera atzeraezin horrek (lehengaien eskasiagatik eta haiekin egindako espekulazioagatik), ordea, finantzaketa-premia (aktiboak, etab.) oso konplexuak sortzen dizkie ETEei. Horrez gain, bada beste alderdi kritiko bat birmanufakturari dagokionez. Birmanufakturatzaile independenteak dira: ez dute inolako kontraturik jatorrizko fabrikatzaileekin eta, oro har, konponketaren mundutik datoz. Halakoak bai mehatxatzen dituzte joera berriek. Ekipamenduen fabrikatzaileak gero eta apustu handiagoa egiten ari dira “Product Value Retention” delakoaren alde, eta, horregatik, produktuaren edo osagaiaren gaineko kontrola mantentzen saiatzen dira balio-kate osoan, baita bizitza-amaieran ere. Horrela, negozio-lerro berri bat irekitzeaz gain, diseinu-hobekuntzak detektatzea lortzen dute, etekin-marjina handia duena: birmanufaktura.

G: Nola integratzen dira mahaian landutako kontzeptuak industrialak ez diren baina pisu ekonomiko handia duten sektoreetan, hala nola turismoan?

E: “Product Value Retention” delakoa, zerbitzuen sektorearekin zerikusia duten birmanufaktura eta mantentze-zerbitzu argiak barne hartzen dituena. Turismoa zerbitzu horien bezero garrantzitsua da. Adibidez, Alemanian eraikinetako lurzoruak zerbitizatzen dira gaur egun; Euskadin eraikinetako hotz-beroa zerbitizatzen hasi dira. Hori bezeroen eskariaren eta produktuen hondar-balioaren garrantziaren araberakoa da. Zentzu handiagoa izan dezake, esate baterako, sarraila elektronikoetan edo altzarietan, baina txikiagoa koltxoietan eta abarretan.

Galdera: Posible izango litzateke bideo hau Youtuben jartzea edo plataformaren batean eskuragarri egotea? Eskerrik asko.

Erantzun: Bideoa –gainerako hitzaldiekin eta kongresuko saio guztien grabazioarekin batera– webgune honetan bertan dago eskuragarri.

Galdera (Koldo Gondra): Nola konparatzen dira konpositeen CO2 isuriak eta altzairuzkoak?

Erantzun: Piezak fabrikatzeko prozesuetan sortzen diren isuriei dagokienez alde handirik ez badago ere, abantaila da azken erabileran, konpositezko piezek karbono dioxidoaren isuriak nabarmen murrizteko aukera ematen dutelako, osagaiaren pisu txikiagoa dela eta. Adibidez, ibilgailu batean karbonoz osatutako materialaren % 40 erabiltzen bada ibilgailuaren guztizko pisuarekiko, kalkulatzen da ibilgailuaren pisua % 42 murritz litekeela, eta, ondorioz, isuriak 75 g/km inguru jaitsiko lirateke ibilgailu bakoitzeko, gaur egungo balioekin alderatuta.

Galdera (Koldo Gondra): Nola lantzen da material konposatuen bizitza-amaiera? Zer ratio birziklatzen da eta zer ratiok amaitzen du zabortegietan garraio-sektorean eta berriztagarrien sektorean?

Erantzun: Gaur egun, konposite tradizionalen bizitza-amaiera erronka da oraindik ere. Egia da hainbat konponbide tekniko garatu direla: birziklatze mekanikoa, pirolisia, solbolisia, eta abar; baina birziklatzen den konposite-ehunekoa % 10etik beherakoa da oraindik, funtsean bideragarritasun ekonomikorik ez dagoelako. Ildo horretatik, garrantzitsua da azpimarratzea birziklatzeko diseinatutako erretxinen belaunaldi berriak garatzen ari direla, etorkizun hurbilean konpositeen birziklatzeari bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa emango diotenak, halakoak konpontzea eta berrerabiltzea errazteaz gain.

Galdera (Begoña de Benito): Frakzioka jasotzen den pisuangaineko informazioa eman duzu. Zer kalitate dauka? Ez al da asko nahasten? Organikoan, errefusean… Eskerrik asko. Iban Retolaza (Ikerlan)

Erantzun: Gure MITECORDek EEren adierazle estatistiko ofizialen web-orriari –EUROSTATi– emandako informazio ofiziala da; reporting-a pisu-unitatetan (tonatan) eskatzen du. Udalerriek eurek kudeatzen dituzten udal-hondakinei buruz ematen dituzten datuetan oinarritzen da, eta beharrezkoa da zatikitan banakatzea, udal-hondakinen fluxuei aplikatzen zaien lege-esparrua aldatu egiten baita (adibidez, hondakin organikoak, ehunki-hondakinak, hondakin arriskutsuak, etxeko ontziak, merkataritza-/industria-ontziak…).

Galdera (Begoña de Benito): Komentatzen dituzun edukiontzietan botatako kilo-gehikuntzei dagokienez, nola dakizue benetan bereizketa gehitzeagatik diren edo ontzien kontsumoa handitzeagatik diren? Mila esker

E: Izan ere, Ecoembesek bi magnitude horiek (ontzien merkaturatzea eta ontzi-hondakinen ekarpena edukiontzi horira eta urdinera) hainbat iturritatik jasotzen ditu. Ontzien merkaturatzea Ecoembesi atxikitako 12.000 enpresak baino gehiagok deklaratzen dute urtero; 2018an % 1,5 hazi zen 2017aren aldean. Gaikako bilketa urtero deklaratzen dute Espainiako 8.000 udalek baino gehiagok, eta 2018an % 12,3 hazi zen edukiontzi horiari dagokionez eta % 12,4 edukiontzi urdinari dagokionez. Beraz, esan dezakegu ekarpenaren igoera ontzien erabileraren igoeraren oso gainetik dagoela.

Galdera (Gorane Ibarra): Zergatik ez da inbertitzen iritzi publikoa ekonomia zirkularrerantz lerratzeko beharraz kontzientziarazteko zuzeneko kanpainetan, herritarrek berek eska dezaten aldaketa hori egitea hirigintza-, elikagai-, industria-ehunetan, etab.?

E: Pixkanaka-pixkanaka, horrelako informazioa zabaltzen hasi da herritarrengandik hurbilen dauden eragileak. Aurten, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak berak kanpaina bat abiarazi du kontsumo arduratsuari eta ekonomia zirkularrari buruz, Circular Thinking izenekoa. Hala ere, oraindik nahasmen gehiago egon ez dadin, oso ondo landu behar dira kanpaina horiek.

Galdera (Gorane Ibarra): “Zer esan dakioke azken erabiltzaileari, informazioz gainezka dagoenean eta sinpletasuna bilatzen duenean etiketa, label, egiaztapen… horietan guztietan?

E: Nik esango nioke interes horri eusten jarraitzeko, eta eskatzen jarraitzeko ingurumenaren aldetik hobea den alternatiba bat aukeratu ahal izateko beharrezkoa den informazio hori. Egia da une honetan gehiegizko informazioa dugula, baina egia da, halaber, informazio hori iragazten laguntzen diguten beste tresna batzuk ere baditugula. Gainera, zalantzarik izanez gero, galde diezaietela eskura dituzten eragileei. Zenbat eta informazio-eskaera handiagoa egon, orduan eta gehiago egingo da aurrera ildo horretan. Une honetan, eragile arduradunak egoera horretaz jabetzen ari dira, eta egoera hori nola konpondu hausnartzen eta aurrera egiten ari dira, benetan funtzionatu duten informazio-sistemak kontuan hartuz, hala nola etxetresna elektrikoen energia-informazioko sistemak.

Galdera (Alejandro Martínez): ISOek 3 etiketa-mota dituzte, eta 2.a da benetan bizi-zikloan zentratzen den bakarra. Zergatik sortzen du nazioarteko sistema batek akatsak egiteko aukera hori?

E: Ingurumen-etiketatzeari dagokionez, hiru etiketa-mota daude: I., II. eta III. motako etiketak. I. motako eta III. motako etiketek ziurtatzen digute bizi-zikloaren ikuspegia dutela, baina ingurumen-ezaugarriak dituztela. I. motako etiketak azken kontsumitzaileari zuzenduta daudela esan genezake, errazago ezagut daitezkeelako (Europako etiketa ekologikoa, aingeru urdina…), eta III. motako etiketak, produktuen ingurumen-adierazpenak direlakoak, industria-sektorean ingurumen-informazio teknikoagoa helaraztera bideratuago egon dira. Gainera, bi etiketatze-mota horiek hirugarrenen egiaztapenak dituzte, egiazkoak direla ziurtatzeko. II. motako etiketei dagokienez (ingurumen-autoadierazpenak direlakoak), hirugarrenek egiaztatuta egon ez arren, produktuaren ezaugarri jakin batzuk baieztatzen dituzten tresnak dira, eta ez dute bizi-zikloaren ikuspegirik eduki behar. ISO horien helburua da erabilgarriak diren eta ingurumen-informazioa zorroztasunez helarazten duten tresnak sortzea, erabileren eta erabiltzaile potentzialen arabera.

Galdera (Alejandro Martínez): Beharrezkoa da erosleak ingurumen-informazio guztia bilgarrietan eduki behar izatea? Ezin liteke aukera bat sortu supermerkatuak edo azalera handiak berak hornitzaileen artean iragazteko?

E: Kontsumitzaileak bere eskuetan eduki behar du ahalik eta informazio zuzenena eta egiazkoena, eta informazio hori, gure ustez, hornitzailearengandik etorri behar du zuzenean. Hornitzailea da produktua merkatuan jartzearen ardura duena, eta produktuari buruzko informazio guztia benetan duen eragilea. Horrek gaininformazioa sorrarazteko arriskua du, batzuetan nekez asimila daitekeena, eta hemen supermerkatuek zerbait egin dezakegu kontsumitzaileei zuzendutako informazio hori guztia ulergarriago eta errazago bihur dadin.

Galdera (Amaia López Iriondo): “Ez al duzu uste enpresek normatibek eraginda edo kostuen murrizketa jarraituta bakarrik egiten dutela aurrera ekonomia zirkularrean? Ez dut uste ingurumenaren zaintza dutenik trakzionatzeko elementu gisa. Iban Retolaza (Ikerlan)”

Erantzun: Galdera horri erantzuteko, Euskadiko enpresei berriki egindako bi inkestetan jaso diren datuetan oinarrituko naiz; nolabait, Confebasken gure solaskideengandik zuzenean jasotzen dugun pertzepzioa berresten dute. Industria-ekobarometroaz ari naiz: ekobarometroan enpresen 600 erantzun baino gehiago aztertzen dira, baita Ekonomia Zirkularreko Aukeren Azterlana ere, non arloan aurreratuta dauden 50 enpresak parte hartu duten. Hauek dira lehiakortasuna lortzeko euskal enpresek gehien azpimarratzen dituzten helburuak: industria-enpresen % 26k produktibitatea handitzea. Inkesta egindako enpresen % 20,1ek adierazi du teknologia eta berrikuntza txertatzea. Ehuneko txikiago batek –% 19,7k zehazki– merkatu berrien irekiera edota nazioartekotzea adierazten du, eta % 18,5ek kostuen murrizketa. Era berean, ekonomia zirkularreko jarduerak garatu dituzten Euskadiko enpresek adierazi dute arrazoiak hauek izan direla garrantzi handienetik txikienera: enpresaren jabetzaren eta/edo kudeatzailetzaren kontzientziazio eta konpromiso pertsonala; indarreko legeria, araudia eta estandarrak; beste enpresa batzuekiko lehia; produktuaren berrikuntza bereizketa modu gisa; enpresa bezeroen eskaria/eskakizuna. Dena den, hurrenkera hori aldatu egiten da kontuan hartzen den enpresa-taldearen arabera. Hala, industria-isuriei buruzko zuzentarauak arautzen dituen enpresek legea betetzea lehenesten dute; beste enpresa batzuek, ordea, ekonomia zirkularrean aurreratutako euskal enpresen kasuan esate baterako, faktore erabakigarri gisa nabarmentzen dituzte etorkizuneko legeriei aurrea hartzea, merkatuan bereizteko aukera izatea edo irudi korporatiboa hobetzea. Enpresa bakoitzaren arrazoi indibiduala alde batera utzita, nabarmendu nahi nuke oro har gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela enpresetako liderren kontzientziazioa eta konpromisoa, ekonomia zirkularrean eta baliabideen efizientzian ekimenak garatzeari begira. Confebaskentzat arrazoi hori funtsezko adierazle bihurtu da ekonomia zirkularra kulturaren eta enpresa-kudeaketaren ereduaren barruan nola sartu aztertzeko. Aurreko urteetan egindako inkestekin alderatuta, gero eta handiagoa da enpresen uste hori; errealitate hori positiboki baloratzen dugu Confebasken, eta euskal enpresa-sarearen artean sustatzen joango gara.

Galdera (Amaia López Iriondo): Kongresu honetan sektore produktiboez ari gara batez ere, eta ekonomian gero eta pisu handiagoa dute zerbitzuek, eta, bereziki, turismoaren sektoreak; sektore horren inguruan jarduketaren bat garatzen ari al da? Nola aplikatuko lirateke kontzeptu hauek guztiak turismoaren sektorean?

E: “Jarduera espezifikoak aurreikusten dituzten lehentasunezko sektore batzuk ezartzeaz gain, Ekonomia zirkularrerako EAEren estrategia 2030ek turismoa bezalako sektoreak identifikatzen ditu, sektore horretan ekonomia zirkularrarekin lotutako jarduerak garatzeko aukerak daudelako: arkitektura eta mugikortasun jasangarriago batekin, baliabideen aprobetxamendu efizientea eginez, tokiko hornitzaileak hautatuz, hondakinen kudeaketa aurreratua landuz eta ingurune fisiko eta kulturala errespetatuz eta zainduz. Definitutako tresnak eta jarduketak aplikatzean sartzen dira ulertzen dira jarduketa horiek. Nolabait, eraikuntzako, mugikortasuneko eta elikadurako sektoreei buruzko neurrietan jasota daude, baita kontsumoko eta hondakinen kudeaketako sektore artekoagoak diren lerroetan ere.

Galdera (Amaia López Iriondo): Masterraren prezioa?

E: Gutxi gorabeherako prezioa: 2.700 euro

Galdera: Ikusi dugu politika bat duzuela ostalaritzaren arlorako. Herrialde honetan hain ugariak diren musika-jaialdietako sentsibilizazio-politiketan ari al zarete lanean, kontuan izanda etorkizuna den jende gaztearen targeta dela eta haren gainean produktuari dagokionez ia esklusibotasuna daukazuela? Eskerrik asko.

Erantzun: Duela urte batzuetatik hona, “Eventos con Buen Ambiente” izeneko ekimena egiten ari gara. Ekimenaren bidez, nahi dugu parte hartzen dugun edo Coca-Colaren lankidetza duten jardueretan jasangarriagoak izateko gizarte- eta ingurumen-neurriak har daitezen. Horrelako neurriek hainbat alderdi lantzen dituzte, hala nola hondakinen kudeaketa, birziklatzearen sustapena, uraren eta elektrizitatearen erabilera minimizatzea, mugikortasun jasangarria, etab. Alderdi sozialak ere lantzen ditugu, hala nola irisgarritasuna edo inklusioa.

G: Bottle to bottle birziklatze baterako, gordailu, itzulera eta bihurketa estiloko sistema bat beharko genuke, eta Estatuan ez dago halakorik. Nola ikusiko luke Coca-Colak horrelako sistema bat ontzi arinentzat?

E: Mendebaldeko Europarako gure “Avanzamos” jasangarritasun-estrategiaren bidez, konpromisoa hartu dugu 2025erako merkatuan jartzen ditugun ontzien % 100 berreskuratzeko. Horretarako, nazioko nahiz tokiko hainbat kudeatzailerekin lanean ari gara birziklatze-tasak handitzeko eta hondakinen kudeaketarako formularik egokiena zein den aztertzeko, industriarentzat egingarriak diren aukera posible guztiak kontuan hartuz.

Zergatik ez da berrerabiltzeko helbururik sartzen ontzien helburuen artean?

E: Urrats batzuk egiten ari gara ildo horretan. Izan ere, gure ekoberrikuntza-estrategiaren barruan, zenbait neurri hartu ditugu; esate baterako, plastiko desberdinen nahasketak eta geruza anitzekoak ez erabiltzea. Kolore ilunak eta botila opakuak ez erabiltzeko ere lanean ari gara. Neurri horiek birziklatzea errazten laguntzen dute, eta ontziak erraz prozesatu ahal izatea Espainiako plastikoa tratatzeko edozein instalaziotan eta ontzi berri bat bihurtzea.

G: Ez al duzue planteatzen tapoien plastikoan kolorea galtzea?

E: Urrats batzuk egiten ari gara ildo horretan. Izan ere, gure ekoberrikuntza-estrategiaren barruan, zenbait neurri hartu ditugu; esate baterako, plastiko desberdinen nahasketak eta geruza anitzekoak ez erabiltzea. Kolore ilunak eta botila opakuak ez erabiltzeko ere lanean ari gara. Neurri horiek birziklatzea errazten laguntzen dute, eta ontziak erraz prozesatu ahal izatea Espainiako plastikoa tratatzeko edozein instalaziotan eta ontzi berri bat bihurtzea.

G: Kontsumitu ondoko birziklatzearen zailtasun handietako bat logistika da. Konpainia gisa eta aditu gisa, eraginkorragoa iruditzen zaizu GIS sistema, gaur egun Espainian dagoena, edo konpainiaren itzultzeko eta bihurtzeko sistema propio bat? Zein uste duzu dela etorkizuna?

E: Orain arte, Espainian, bai industriak eta bai gobernuek hondakinak biltzeko eredu baten alde egin dute, eta eredu hori modu arrazoizkoan funtzionatzen aritu da. Hori esanda, herrialde bakoitzean eta une bakoitzean egokienak diren sistemak lantzen eta esploratzen jarraitu nahi dugu, ontziak berrerabiltzeko biltzeko gure helburua lortzeko eta, horrela, ingurumenean –bereziki itsaso eta ozeanoetan– amai ez dezaten.

G: “Zer ahalegin egiten ari dira Coca-Cola produktuak banaka kontsumitzeko ontziak murrizteko?
Auditoretza globalek erakutsi dute Coca-Cola, Pepsico eta Nestlé markek kutsatzen dutela gehien beren ontziekin ez dituztelako hondakinak birziklatzen.

E: Hainbat neurri aipatuko nituzke: askotariko formatuen aldeko apustua, kontsumitzaile bakoitzaren beharretara egokitzeko aukera ematen dutenak, ontzietako berrikuntza gidatzeko helburua… Horrek material berriak bilatzera eraman gaitu, hala nola PlantBottle, landare-jatorriko materiala, birziklagarria, jatorri fosileko lehengaien erabilera murrizteko aukera ematen diguna. Gainera, hitz egingo nuke ekodiseinuan gure ontziak arintzeko egin ditugun ahaleginei buruz, lehengaien erabilera murriztuz. Adibide bat jartzeko: laten kasuan, gaur egun latak duela 30 urte baino % 60 arinagoak dira. Azkenik, urteak daramatzagu bigarren mailako packaging-a murrizteko lanean. Proiektu bat dugu, dagoeneko abian dagoena, laten Hi-cone (eraztun-multzokatzaileak) gutxiago erabiltzeko, edo kartoia baliatzeko lata-packetarako, filmaren ordez.

G: Planteatu al daiteke negozio-eredua birdiseinatzea Coca-Colaren kontsumoa “x” bolumenetara mugatzeari begira, kontsumo arduratsua lortzeko asmoz? Horrela, baliabideen erabilera minimizatuko genuke.

E: Coca-Colak ezaugarri nabarmen bat izan du bere historian zehar: gizarteak une bakoitzean eskatu duenari egokitzen jakin du. Adibidez, azukre erantsirik gabeko, light edo ‘zero’ produktuen 125 erreferentzia baino gehiago eskaintzen ditugu gaur egun gure kategoria eta edari guztietan. Hori gertatzen da gustuak eta bizimoduak aldatu ahala kontsumitzaileek edari- eta formatu-aukera zabalagoa eskatzen dutelako. Kontsumitzaileak une bakoitzean eskatzen duenari erantzun bat emateko lan egitea da gure zeregina.

G: Aipatu duzu plastikozko bigarren mailako packaging-a kartoizkoarekin ordeztea, nahiz eta horretarako material gehiago erabili behar izan. Kalkulatu al duzue aldaketa horrek dakarren berotegi-efektuko gasen aurrezpena?

E: Ontziak arintzeak nahiz bigarren mailako packaging-a ezabatzeak (film atzeragarria eta PET lata- eta 500 ml-ko botila-packetako plastikozko eraztunak) urtean 11.000 tona plastiko baino gehiago ezabatzea ahalbidetuko digute Mendebaldeko Europan. Horietatik 2.600 Iberian (Espainian, Portugalen eta Andorran) izango dira 2020tik aurrera. Joan den udazkenean, 200 ml-ko lata-packetatik edo “mini-can”etatik kentzen hasi zen, PEFC ziurtagiria zuen kartoiarekin ordeztuz. Neurri horren ondorioz, 2020tik aurrera 1.380 tona plastiko deuseztatuko dira Iberian dugun hornidura-katean. Bestalde, karbono-aztarnari dagokionez, Iberian egiten ditugun eragiketa zuzenen isuriak % 45 murriztea lortu dugu. Gainera, aurreikuspenen arabera, ehuneko hori % 50era igoko da 2025ean. Gainerako hornidura-katetik datozen isuriak ere % 35 murriztu nahi ditugu. Une honetan, % 30 murriztu ditugu isuri horiek 2010-2019 aldian.

G: Funtsezko bi gako euskal enpresak –horietako asko ETEak– jasangarritasunean inbertitzera animatzeko.

E: Gizartea erantzukizun maila askoz handiagoa eskatzen ari zaigu enpresei egiten dugun guztian. Bezeroek eta kontsumitzaileek baztertuko dituzte hori bere gain hartzeko eta eskari horretara egokitzeko gai ez diren enpresak, baina, era berean, zailagoa izango da kanpoko talentua gure enpresetara hurbiltzea neurri arduratsuak hartzen ez baditugu, eta beraz zailagoa izango da erakunde gisa garatzea eta haztea.

G: Birziklatutako plastikoaren % 50 duten ontzien helburuek tapoiak eta etiketak ere barne hartzen dituzte, edo botilari bakarrik aplikatzen zaizkio? Tapoia eta etiketa sartzen ez badira, zergatik ez da birziklatzen (arazo teknikoa da edo zein da arrazoia)?

E: Avanzamos estrategian jasotako konpromisoak ontziei buruzkoak badira ere, tapoiekin eta etiketekin ere lanean ari gara. Tapoiei dagokienez, gure fokua birziklatutako materiala sartzen joatea da, eta, horretarako, ezinbestekoa da puntu horri buruz indarrean dagoen legerian ezarritako mugak ondo ulertzea. Etiketei dagokienez, berriz, gardentasunaren eta atxikimenduaren propietateak lantzen ari gara, bai eta oraindik ez dituzten ontzietan paperezko etiketak izatearen bideragarritasuna aztertzen ere.

G: Ftalatoa disruptore endokrinoa da. Zergatik erabiltzen duzue PET edarietarako?

E: PET ez da fabrikatzen sistema endokrinoa aldatzen duten substantzia kimikoekin (disruptore endokrinoak). PET polietilen tereftalatoaren laburdura da. Pisu molekular handiko poliesterra da, etilenglikolaren eta azido tereftalikoaren (azido paraftalikoa) konbinazioaren bidez egina. Azido tereftalikoa ez da sistema endokrinoa aldatzen duen produktu kimiko bat. Kimikoki desberdina da disruptore endokrinotzat sailkatzen diren ortoftalatoetatik (azido ortoftalikoko esterrak). Ortoftalatoak plastifikatzaile gisa erabiltzen dira beste plastiko-mota batzuk leuntzeko, baina ez dira erabiltzen PET fabrikatzeko.

Galdera: Zorelor: HDPE ontzia, % 100 birziklagarria. Eta etiketa eta tapoia? Zer material da? Birziklatua da?

Erantzun: HDPE ontzi birziklagarriaren lehen ezarpena egin dugu, % 100 birziklatutako materialez osatua. Tapoia eta etiketa ere birziklagarriak dira, baina oraingoz ez dira birziklatzen. Tapoiaren kasuan, HDPEzkoa da, birziklaerraza den ontzia bezala, eta etiketa PP da (Polipropilenoa), birziklagarria ere bai; gainera, ez dugu inola ere erabiltzen birziklatzea zailtzen duen hesi-estaldurarik. Material horiek gure ekoizpen-lerro guztietan erabiltzen ditugu, ez bakarrik ekoetiketatutako produktuen lerroan. Era berean, eta etengabeko hobekuntzarako gure politikaren arabera, ingurumen-hobekuntza berriak programatuta ditugu ontziei dagokienez, hala nola tapoiak material birziklatuzko tapoiekin ordeztea edo formatuak gaitasun bereko beste batzuekin ordezten jarraitzea, baina materialarekin fabrikatuta

G: Bilper eta beste enpresa batzuk: ba al duzue estrategiarik zuen ontzien berrerabilera sustatzeko?

E: Horretan ari gara. Une honetan, hainbat aukera aztertzen ari gara.

G: Zorionak hizlari guztiei zuen azalpen interesgarriengatik. Mesedez, gustatuko litzaidake hitz egitea ekodiseinuko ISO 14001 eta ISO ezartzearen abantailez eta desabantailez. Eta, bestetik, ea uste duten lotura bat dagoela arau horien ezarpenaren eta emaitza ekonomikoen igoeraren artean (ez da helburua, baina kontuan hartu beharreko aldagaia da). Eskerrik asko.

E: “Bilper: noski. Gure kasuan, bai ISO ziurtagiriak bai Ecolabel ziurtagiriak, merkataritzaren ikuspuntutik, bai estatu mailan, bai esportazioari dagokionez, plus bat dira ziurtagiri horiekin egindako egiaztapenak. Hitzaldian aipatu dugun bezala, Europako arauak direnez, aitortza estandarizatukoak, salmentetan bultzada ematen dute horrek dakarren bermeagatik.

Zorelor: gehien aipatzen diren arau horiek ezartzearen abantailak hauek dira: enpresa-irudia indartzen da, arauak betetzea sistematizatzen da, lehiakortasuna hobetzen da, kostuak optimizatzen dira, merkatu berrietan sartzea errazago egiten da eta antzeko abantaila operatiboak. Edozein enpresa epe labur edo ertainean ezartzera animatzeko argudio sendoak dira. Zorelor-en uste dugu abantaila nagusia pentsamoldea eta kultura aldatzea dela, bai enpresarena, bai enpresa osatzen duten pertsonena. Hor ikusten dugu enpresaren eta gizartearen etorkizunaren gakoa bere osotasunean. Epe ertain eta luzeko ikuspegia da. Edozein enpresa-proiekturen arrakastaren eta jarraitutasunaren funtsezko faktoreetako bat da aldaketara eta funtzionamendu-eredu berrietara egokitzetik harago joatea, eta aldaketa horiek sustatzen eta etorkizuneko ikuspegia duten balioetara bideratzen saiatzea. Ez ezartzearen eragozpen nagusia da pixkanaka-pixkanaka zaharkitzen ari direla funtzionamendu-alderdi guztietan.
Eta emaitza ekonomikoak handitzeari buruz, arau horietan oinarritutako kudeaketa bat ezartzeko eta martxan jartzeko prozesu egoki batek beti izaten du inbertsio-itzulera bat; itzuleraren epea merkatuaren gorabeheren eta eboluzio-abiaduraren araberakoa izaten da. Gure esperientziak erakutsi digu abiadura hori handitzen ari dela, eta, beraz, ingurumen-alderdietan egindako inbertsioen aldeko interesa eta errentagarritasuna proportzionalki handitzen ari dela.

G: Ontzi betegarrien aukera aztertu duzue?

E: Bilper: gustatuko litzaiguke, baina bidalketa- eta birbidalketa-logistika bat dakar, eta oraingoz zaila ikusten dugu, gure instalazioetan kokaleku bat aurkitu ahal izanez gero izan ezik, eta hori tokiko banatzaileei eta bezeroei soilik aplika dakieke.

Zorelor: ontziei dagokienez, etengabeko bilakaeran gaude enpresa sortu zenetik. Birziklatutako eta ingurunea errespetatzen duten materialekin egindako ontziak erabiltzeko neurriak ezarri ditugu, baita horiek garraiatu, biltegiratu eta manipulatu behar dituenaren giza errealitatera gero eta gehiago hurbiltzen diren ontziak eta beren bizi-zikloaren amaieran ahalik eta ingurumen-inpakturik txikiena duten ontziak erabiltzeko ere, batez ere birziklatzen edo berrerabiltzen direlako. Ontzi betegarrien planteamendua –fabrikatzaileak edukiaren erabilera bakoitzaren ondoren hainbat aldiz bete ditzan– hainbatetan ebaluatu dugun aukeretako bat da.
Gure ustez, egungo lege-ingurune operatiboak aurrera egiten jarraitu behar du. Alde batetik, litekeena da hondakinak kudeatzeko eta garraiatzeko araudiek orientazioa doitzea planteamendu hori aintzat hartzeko eta errazteko. Bestalde, logistikoki ez da beti erraza horrelako ekimenak martxan jartzea, produktuaren, bezeroaren, kontsumo-bolumenaren eta distantzien egoera jakin batzuk behar dira halakoen bideragarritasuna optimizatzeko. Azkenik, inplikatutako eragile guztien pentsamoldeak ere planteamendu horiek landu behar ditu, praktikan jartzeko.

Galdera: “Sellex eta Gitma: baduzue konponketarako estrategiarik? Hornitzaileentzako ordezko piezak?

Niessen: birziklatutako materialen ehunekoa? Konponketa-piezen sistema herritarrentzat edo profesionalentzat?

Erantzun: Gitma, lantzen duten modularitatearen arabera, produktuaren zati hondatuak ordezka ditzakete, eta ez produktu osoa. Niessenen kasuan, osagai elektriko txikietan, moduluka doa, eta moduluen arteko bateragarritasuna dago; beraz, piezen konpongarritasuna edo trukagarritasuna gerta daiteke. Funtzioaren kasuan, konplexuagoa izan daiteke, segurtasun-funtzioa baitu. Sellexek dio bere produktuak erraz bereiz daitezkeela; adibidez, bizkarralde bat berriro tapiza dezakete, beso bat konpondu, etab. Produktu modularrak dira, ordezka daitezkeenak.

Galdera (Miguel Jiménez Mangas): Salmentetan ez dela nabaritu esan duzu, erabiltzaileek kontzientzia handiagoa dutela birziklatzeari buruz erakunde publikoek baino. Ez al da hori oso tristea?

E: Saioan erantzun zioten. Sellexko Miguel Jiménezek esan du esperientzia hori izan dutela; jendeak gehiago baloratzen du produktu batek material birziklatuaren jatorria izatea ekodiseinatua izatea baino. Horri buruzko bi iruzkin: bat, zerbait kulturala dela, jende askok ez duelako ezagutzen zer den ekodiseinua; eta bi, jendeak telebistan ikusten dena jarraitzen duela: une honetan, birziklatu egin behar dela.

Galdera (Oskar Azkarate): Zer da, zehazki, kudeaketa jasangarria? Zer alternatiba ematen zaizkio matarrasari, ingurumenean duen inpaktua jakinda? Eskerrik asko.

Erantzun: “Baso-kudeaketa jasangarria da basoak eta beste lursail zuhaiztun batzuk administratzeko eta erabiltzeko praktikak planifikatzeko eta gauzatzeko prozesua, gaur egun dituzten ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-funtzioak mantentzea edo hobetzea bermatzeko, eta etorkizuneko belaunaldientzat ere bai.
Matarrasa edo arraseko mozketa zuhaitz-masa birsortzeko baso-teknika baten parte da, eta unadako zuhaitz guztiak edo gehienak moztea eta aprobetxatzea dakar. Horregatik, baso-zikloaren zati batean, zuhaitzik gabe mantentzen da unada. Unadaren dimentsioaren eta zura erauzteko eta landatzeko edo birsorkuntza naturala egiteko tekniken arabera, ingurunearen gaineko eragina alda daiteke, baina kudeaketa jasangarriaren gidalerroei jarraitzen ez zaienean soilik sortzen du ingurumen-inpaktu garrantzitsua. Argi-espezie deritzenek (besteak beste, pinu eta haritz gehienak) argitasun handia behar dute birsortu ahal izateko, eta horregatik komeni da unadak irekitzea zuhaitzen belaunaldi berria garatzeko. Itzaletako espezieak (Douglas izeia edo pagoa, adibidez) hobeto birsortzen dira zuzeneko eguzkiaren estalki babesle baten azpian, eta, beraz, bakanketa motzen bidez birsor daitezke.
Horregatik, matarrasa edo arraseko mozketa espezie jakin batzuekiko berezkoa da, baina ez du zertan inpaktu handirik sortu.

Galdera (Oskar Azkarate): Nola egiten diozue aurre orban marroiaren krisiari? Eukaliptoa sartzea jasangarritzat jotzen duzue, lurzoruan duen inpaktua jakinda?

Erantzun: “Azikulen banda marroiaren gaixotasunak aurrera egin duenez, hainbat ekimen egiten ari dira basogintza/zurgintza sektorean eta euskal administrazioan.
Gaixotasunaren aurrerapena prebenitzea da helburu nagusia, eta, horretarako, beharrezkoa da gure pinudiak egoera fisiologiko onean mantentzea, behar bezala kudeatuta.
Patogenoen andui berriak eta klima-aldaketak eragindako estres-egoerak, besteak beste, etengabe sartzearekin batera, masen gaineko presioa handiagoa da une honetan jasan dezaketena baino; horregatik, tratamendu fungizida jakin batzuk egitea proposatzen dugu, inguruneari eta pertsonei eragin gabe (posible eta eraginkorra dela egiaztatu dugu) eta jarraibide tekniko argiekin.
Gaixotasuna toleratzen duten pinuen hautaketa genetikoa da beste ekimenetako bat, eta, orain, pinu horiek oraindik erabilgarri ez daudenez, baso-jabeak erabakitzen ari dira beren mendiak beste espezie batzuekin birpopulatzea.
Eukaliptoa da aukeratzen ari diren baso-espezie horietako bat, batez ere
ondo garatzen den lekuetan.
Eukaliptoarekin kudeaketa jasangarria egitea guztiz posible dela uste dugu, jasangarritasuna ez baitago espeziearen mende, baizik eta egiten den kudeaketaren mende.
Askotan adierazitakoaren aurka, eukaliptoek, zuhaizti diren aldetik, higaduratik babesten dute lurzorua, prezipitazioa geraraziz, estaliak direlako eta euri-tantek babesik gabeko lurzoruetan talka egiten dutelako eta sustraiek lurzorua eusten dutelako. Gure lurzoruetan egindako datu analitikoek hala erakusten dute.
Oro har, 12-15 urteko txandetan kudeatzen diren eukalipto-landaketak baso-masako estatu gazteei dagozkie, baina gizarte- eta ingurumen-balio garrantzitsuak ez galtzeko moduan kudeatu ahal izango dira, eta, bestalde, lehengai natural, birziklagarri eta energia-kontsumo txikiko batez hornitu ahal izango dira, material kutsatzaileetatik eta birziklagarriak ez diren materialetatik urrun dagoen ekonomia bat oinarritu ahal izateko. Nabarmendu behar da espezie horiek guztiek bioekonomiaren garapenean eta bio oinarria duten produktu berrien sorreran (naturalak eta berriztagarriak) lehengai gisa izango duten eginkizuna, askoz ere kutsagarriagoak diren petroliotik eratorritako beste batzuen ordezko gisa.”

Galdera (Héctor Trigueros Fernández): Zer lege-oztopo aurkitzen duzue Paval (hondakina) produktu berrietan erabiltzerakoan, eta nola ari zarete aurre egiten? / Zein da aluminioaren eta altzairuaren egungo birziklatze-tasa? Zer helburu daude 2030-2050erako?

Erantzun: Euskal Autonomia Erkidegoan, estimatutako birziklatze-tasak % 95 dira altzairuan eta % 35 aluminioan, Ihoberen “Euskadiko ekonomia zirkularraren adierazleak 2018. Europako jarraipen-esparrua” dokumentuaren 45. orrialdean aurkezten den bezala. Estimazio horiek etorkizuneko berrikuspenetan doituko dira. Europan tasa horien azpitik daude, % 24 altzairurako eta % 12 aluminiorako, “Measuring progress towards circular economy in the European Union – Key indicators for a monitoring framework (COM (2018) 29 final)” dokumentuan jasotzen den bezala. Europar Batasuneko altzairu, aluminio eta kobrezko fluxuei buruzko dokumenturik osoena Europako Batzordeko JRCk argitaratu du, eta “Material Flow Analysis of Aluminium, Copper, and Iron in the EU-28” du izena. Europako Batzordeak ez du horri buruzko helbururik ezarri, batez ere altzairuaren eta aluminioaren eskaria handiagoa delako txatar-kopurua baino. Hala ere, Batzordeak aurreikusten du 2030erako Ekonomia Zirkularreko Ekintza Plan berrian txatarren esportazioa hirugarren herrialdeetara mugatzea, metalen mendekotasuna murrizteko. Azkenik, kontsumitu ondoko aluminiozko txatarrak forjaketa- eta ijezketa-prozesuetan sartu ahal izateko behar adina berritzen bada (orain ia bakarrik moldekatze-prozesuetan), bigarren mailako aluminioaren kontsumoa handitzeko merkatu berri bat irekiko da.

Galdera (Iñigo Unamuno): Aztarna kalkulatzean, kontuan hartzen da altzairuaren fusioan kontsumitutako elektrizitatearen jatorri fosila edo berriztagarria?

E: Izan ere, ingurumen-aztarnaren kalkuluak mix elektrikoa hartzen du kontuan, bereziki “Upstream” alderdiei dagokienez. Faktore bat esleitzen zaio, lotutako CO2 isuriak adierazten dituena eta elektrizitate hori ekoizteko erabilitako energia-iturrien araberakoa dena. Oro har, elektrizitatea hornitzen digun merkaturatzailearena hartzen dugu.

Galdera (Iñigo Unamuno): Eman ditzakezu zuen karbono-aztarnari buruzko datu nagusi batzuk zuen tresna digitalaren bidez? Zer helburu jarri dituzue 2030erako?

E: Karbono-aztarna kalkulatzeko tresna prestatuta dago Sidenorren ekoizten ditugun altzairuzko erreferentzia askotarako. Tresnak kontuan hartzen ditu altzairu bakoitzerako ekoizpen-sail desberdinek – altzairutegitik hasi eta akaberetaraino– erabilitako lehengaiak eta egiten duten fabrikazio-prozesua, eta, beraz, erreferentziazko balio bakarra emateak ez du zentzurik. Bilera baterako deia egiten dizugu tresnaren xehetasunak in situ ikusi ahal izateko.

Galdera (Mikel Beitia): Zer egingo litzateke Afrikara bidaltzen denarekin, adibidez? Zer erabilera ematen ari zaie, eta nola berreskuratuko lirateke bagoi horiek? Errentagarria al da elementu horiek saltzea, edo hasierako bizitza baliagarriaren amaierara (nolabait deitzeagatik) iritsi diren tren horietaz libratzeko modu bat besterik ez?

Erantzun: Euskotrenek, trenen bizitza baliagarria amaitzean, bigarren erabilerako ekimen hauek hartzen ditu material mugikorrarekin:
1.- Serie bakoitzeko tren bat (EMU konposizioa) gordetzen du gutxienez Burdinbidearen Euskal Museorako. Halaber, beste museo batzuei horren berri ematen die, Burdinbidearen Euskal Museoaren bitartez, ibilgailuren bat edukitzeko interesa badute jakiteko.
2.- Ikastetxeen edo interes orokorreko erakundeen esku jartzen du ibilgailu horien erabilgarritasuna, lankidetza-hitzarmen bat sinatuz (Euskal Autonomia Erkidegoko edo Nafarroako ikastetxe edo erakunde batzuek Euskotrenen material mugikorra dute beren instalazioetan, dela prestakuntza-erabilerarako, dela liburutegietarako, dela leihatiletarako, etab.)
3.- Euskotrenek –enpresa publikoa den aldetik– “ENKANTE BIDEZ BESTERENTZEKO LEHIAKETA PUBLIKORA” ateratzen ditu arestian aipatutako kasuetan erabili ez diren gainerako bagoiak.
4.- Zaharkitzen ari diren biltegietako ordezko osagaiek ere tratamendu bera jasotzen dute: birzirkularitatea ematen saiatzea.
Normalean, trenbide-materiala birgaitzeko enpresek erosten dituzte bagoiak (Espainiakoek normalean), eta material horretan interesa duen bezeroren bat aurkitu ondoren, bezero horiek eskatutako premietara (tren turistikoak, etab.) bideratuta pertsonalizatzen dute.

G: Nola baloratzen duzue informazio geografikoko sistemak eta big data (historikoak) erabiltzea garraio- eta logistika-sistemen erabilera optimizatzeko (ibilbideak, ordutegiak, zerbitzu-kopurua…)? Aurrera jarraitzen al da gaur egun?

E: Klusterrean eta erakunde publiko zein pribatuekin modu aktiboan lantzen ari gara gai hau. Gu Europako estandarren erabilera sustatzen ari gara, eta informazio dinamikoa, estatikoaz gain. Halaber, aukera-nitxoak bilatzen ditugu gure enpresek zerbitzuak eta produktuak gara ditzaten potentzial handikotzat dugun sektore batean, eta uste dugu, gainera, lankidetza publiko-pribatua zein publiko-publikoa eta pribatu-pribatua funtsezkoak direla zerbitzu/produktu horien garapena bizkortzeko eta gure lurraldean aplikatzeko.

G: Beste sistema batzuen aldean, ibilgailu elektrikoetan CO2 gutxiago isurtzen dela esaten da. Zer hartzen du kontuan kalkulu horrek? Ibilgailua sortzea eta mantentzea? Eta gainerako kutsatzaileak?

E: Ibilgailuetako (edo edozein produktu-motatako) CO2-ari buruzko baieztapenak egiten direnean, produktuaren bizi-ziklo osoa hartu behar da kontuan beti, lehengai beharrezkoak lortzen direnetik hasi eta horiek fabrikatzen, banatzen, erabiltzen eta haien bizi-zikloak amaitzen diren arte. Baliteke produktu batek CO2 ez isurtzea erabilera-fasean, baina CO2 isuri asko sortzea beste etapa batzuetan, fabrikazioan, adibidez. Ibilgailu elektrikoen kasuan, egia da fabrikazio-fasean CO2 gehiago isurtzen dela ibilgailu konbentzional baten fabrikazioan baino (diesela edo gasolina), baterien eta motor elektrikoaren beraren fabrikazioak ingurumenean dituen ondorioengatik. Era berean, erabilera-fasean, ez da CO2 isurtzen ibilgailuan bertan, baina ez da ahaztu behar CO2 isurtzen dela ibilgailu horrek ondoren kontsumituko duen elektrizitatearen ekoizpenean (hori guztia, jakina, ibilgailu hori dabilen herrialdeko mix elektrikoaren arabera). Hala ere, bizi-zikloaren ikuspegi oso batekin, ibilgailu elektriko baten CO2 isuriak ibilgailu konbentzional batenak baino txikiagoak dira. Kontzeptu horiek argitzeko, Basque Ecodesign Center-ek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin batera, “Bizi Zikloaren Analisiaren txostena. Ibilgailu-aukera desberdinen arteko ingurumen-konparazioa: elektrikoa, hibridoa eta errekuntzazkoa” txostena argitaratu berri du. Txostenak ibilgailu elektrikoen, hibridoen eta errekuntzazkoen 9 teknologia desberdin aztertzen ditu, eta kontuan hartzen ditu bai erabilera-faseko inpaktua eta bai bizi-ziklo osokoa. Azterlanak erakusten du Espainian urtean 15.000 km egiten dituen tamaina ertaineko ibilgailu elektriko batek 111 gramo CO2 baliokide sortzen dituela egindako km bakoitzeko bere bizi-ziklo osoa kontuan hartuz; diesel ibilgailu batek, berriz, 240 gramo sortzen ditu, eta gasolinazkoak 274.
Txostena eskuragarri dago Ihoberen webgunean.

G: Marisol Asfaltia eta HcO: (hormigoia) CO2 xurgatzen duten materialak erabiltzea planteatu duzue?

E: Klusterrean aztertu ditugu bai CO2 xurgatzen duen materiala, bai energia sortzen duena, baina ez dugu identifikatu edo aurreratu benetako proba edo pilotu batentzat behar bezainbeste. Baina etorkizunean aztertu beharko genituzkeen gai interesgarriak dira.

Galdera: Noraino aldatu da produktuen jatorrizko diseinua ondoren birmanufaktura edo berregokitzapena errazteko (desmuntatzeko diseinua, etab.)?

Erantzun: Galdera hau saioan bertan erantzun zen, eta erantzuna eskuragarri dago grabazioan.


Otsailak 26-28


Background